
Gaurkotasuna / 19 martxoa, 2025
- Kursaal eta Miramar Jauregiak maximo historikoak gaindituz, fakturazioan % 14,2ko hazkundea izan dute
- Bi egoitzetan 537 ekitaldi izan dira, 400 mila lagun baino gehiago erakarri dituztenak
Kursaalek 2024ko balantzea aurkeztu du gaur goizean. Urte bereziki esanguratsua izan da, 25. urteurrena ospatu bait du, bere osasun bikaina berretsiz. Iaz, erakundeak hazkunde sendoari eutsi zion, mugarri historiko berriak lortuz, prentsaurrekoan aurkeztutako datuek erakusten dutenez.
Kursaal eta Miramar Jauregiaren fakturazio bateratua 5,7 milioi eurora iritsi da, aurreko urtearekin alderatuta %14,2ko igoera izanik. Hazkunde iraunkor hori emaitzetan ere islatu da, EBITDAri dagokionez, 1.149.572 eurokoa izan baitzen. Emaitza horrek, jarduera-maila bikainak, diru-sarreren igoerak eta gastuaren kudeaketa eraginkorrak bultzatuta, % 39,6ko hazkundea dakar 2023arekin alderatuta.
Kursaal Sozietateak, 2020tik Miramar Jauregiaren kudeaketaz arduratzen denak, 61,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin du bi egoitzen artean, tokiko garapenari egiten dion ekarpena berretsiz eta Gipuzkoan motor ekonomiko eta kultural gisa duen eginkizuna sendotuz.
Kursaal: 319 ekitaldi eta 400 mila parte-hartzaile inguru
2024an, Kursaalek jarduera bizia izan du, 319 ekitaldi hartu baititu eta 397.061 bisitari erakarri, aurreko urteko negozio-bolumenaren errekorra gaindituz. Arrakasta hori sektore estrategikoen hazkunde nabarmenean oinarritu da. Kongresu eta konbentzioen arloan, Kursaaleko historian bigarren fakturazio handiena lortu da, 2023koarekin alderatuta %44ko igoerarekin.
Bestalde, kultura-programazioak bere rol nabarmenari eutsi dio, eta bigarren urterik onena lortu du ikuskizun-kopuruari eta fakturazioari dagokienez, % 8,7ko hazkundearekin aurreko urtearen aldean. Gainera, ekitaldiei lotutako zerbitzuen komertzializazioak inoizko emaitzarik onena izan du, % 16,3ko hazkundearekin.
Urte oparoa kultur arloan: historiako bigarren onena
Kultura izan da, berriz ere, Kursaaleko 2024ko jardueraren ardatz nagusietako bat. Urtean zehar, guztira 157 kultura-ikuskizun egin dira, 278.383 ikusle bildu dituztenak, Kursaala erreferente izanez hiriko eta lurraldeko kultura-eskaintzan.
Kursaal Eszenaren barruan, Kursaaleko berezko programazioan, 30 ikuskizun eskaini dira, 33.168 ikusle erakarri dituztenak, hau da, 2023an baino % 14,5 gehiago. Herri musikaren esparruan, Izaro, Bulego, Belle & Sebastian, Anohni & the Johnsons, Loreena McKennitt, Crystal Fighters eta Loquilloren emanaldiek distira egin dute, eta ikusleak liluratu dituzte beren energia eta konexio eszenikoarekin.
Bestalde, musika klasikoaren eta dantzaren programazioak maila artistiko handiko interpretazioak izan ditu, besteak beste, Philippe Jaroussky, Cristian Zacharias, Gustav Mahler Jugendorchester, Bavariako Orkestra Judith Jáureguirekin, Les Ballets de Montecarlo eta Lucía Lacarraren Balleta, Kursaalek kalitate goreneko eta publiko guztiari zuzendutako programa bat eskaintzeko duen konpromisoa berretsiz.
Kursaaleko agertokietan programatzen dituzten sustatzaile pribatuek lehen mailako artistak eta proposamenak ekarri zituzten, Los Secretos, Angus & Julia Stone, Raphael, Valeria Castro, Mikel Izal, Vetusta Morla eta Rozalén artisten emanaldiekin. Umoreak ere protagonismo handia izan du, auditorioa bete duten komedia-ikuskizunekin. Izen aipagarrienen artean Berto Romero, Ángel Martín, Dani Rovira edo Leo Harlem daude, euren estilo eta karisma bereziarekin gau ahaztezinak eskaini dituztenak.
Horrez gain, urtero bezala, programazio honi Euskadiko Orkestraren abonu denboraldiko ikuskizunak, Musika Hamabostaldiko eta Jazzaldiko kontzertuak eta Zinemaldiko zine emanaldiak gehitu behar zaizkio, Kursaala lurraldeko epizentro kultural gisa berretsiz.
2024ko Kulturako ekitaldien laburpen bideoa: hemen
Kongresu eta ekitaldi korporatiboen jarduera nabarmena
Testuinguru honetan, non jardueraren datu bikainak berretsi diren, 162 biltzar-ekitaldi eta bilera-ekitaldi izan ziren Kursaalen, eta sektore profesional desberdinetako 120.000 parte-hartzaile inguru bildu ziren. Urtean zehar, garrantzi handiagoko kongresuak izan ziren, iraupen luzeagokoak eta % 43 nazioarteko kongresuak izan ziren. Kongresu garrantzitsuenen artean nazioarteko topaketa entzutetsuak daude, hala nola International Water Association Waterloss Conference (IWA), International Quantum Matter Conference (QUANTUMatter) eta BioEquity Europe. Hitzordu horiek mundu osoko adituak erakarri zituzten, jakintza-trukea bultzatuz eta nork bere arloan berrikuntza sustatuz.
Era berean, Estatuko kongresu aipagarriak ere izan dira, Zoru Pelbikoaren XI. Kongresu Nazionala (SEGO) eta Psikiatria eta Osasun Mentalaren XXVII. Kongresu Nazionala (SEPSM), azken honetan 1.700 profesional bilduz. Kongresu-jarduera sormen- eta gastronomia-arloan garrantzi handia duten ekitaldiekin osatu zen, hala nola, Club de Creativos 2024 eta San Sebastián Gastronomika 2024.
Urtea ere nabarmendu da, besteak beste, medikuntza-farmaziako, aseguruen, modaren, industriaren, finantzen eta teknologiaren sektoreetan izandako enpresa-ekitaldien ospakizunagatik. Horien artean, nabarmendu behar dira SALTO WECOSYSTEM konbentzioa eta ABB Niessen-ek antolatutako topaketa, Kursaalek mota askotako ekitaldiak hartzeko duen moldagarritasuna agerian utziz. Gainera, egoitza LaLiga FC Pro Cup lehiaketa zirraragarriaren eszenatokia izan zen, teknologiaren eta kirol digitalaren zale ugari erakarriz. Bestalde, Createch Medical, Asics, Lagun Aro, Laboral Kutxa eta Irizar bezalako prestigio handiko enpresek ere Kursaal aukeratu zuten beren topaketak ospatzeko. Are gehiago, terrazak ere lehen mailako promozio-gune bihurtu ziren, hala nola Netflix-ek El juego del calamar telesailaren denboraldi berria aurkezteko antolatutako ekintzarekin.
Miramar Jauregia: hazkundea eta etorkizuneko proiekzioa
Miramar Jauregiak jarduera-maila handia mantendu du, urtean zehar 218 ekitaldi eta 21.284 parte-hartzaile izan baititu, eta topaketa profesional eta sozialetarako funtsezko gune gisa duen posizioa sendotu du. Nahiz eta irailean birgaitze-lanak hasi, fakturazioa % 6 handitzea lortu du, eta, gainera, urtea diruzaintzako superabit berri batekin itxi du, eta horrek finantza-egonkortasuna eta etorkizunean hazten jarraitzeko gaitasuna berresten ditu.
Jauregia, halaber, izen handiko kongresuen egoitza izan da, hala nola Thalamocortical Networks, BCBLak antolatuta, XXIst International Workshop on Quantum Atomic and Molecular Tunneling Systems edo Nanotechnology Meets Quantum Information, azken biak Donostia International Physics Centerrek antolatuak. Ez da ahaztu behar Udako Ikastaroen programazio zabala; izan ere, iaz lurraldean eman ziren 188 ikastaroetatik 115 Miramar Jauregian duten egoitzan egin dira.
2024ko bilera jardueraren laburpen bideoa: hemen
2025: kongresu-jarduera oparoa
2025ari begira, eta orain arteko datuen arabera, Kursaalen honako kongresu esanguratsuak programatuta daude. Nazioarteko ekitaldien artean nabarmentzen dira AI4AM 2025 (Artificial Intelligence for Advanced Materials), International Symposium on Bilingualism, Graphene Conference, Europako grafeno eta 2D materialei buruzko ekitaldirik handiena, eta FEICA 2025, Europako Itsasgarri eta Zigilatzaileen Konferentzia eta Erakusketa. Estatuko kongresuen artean, osasun-arloarekin lotutako ekitaldi esanguratsuak ere izango dira, hala nola AEA - SEROD Baterako Kongresua, artroskopiaren azken berrikuntzak aurkezteko; XXXII. Anatomia Patologikoko Kongresua – IAP, patologiaren eta ikerketa translazionalaren alorreko adituak bilduko dituena, eta Espainiako Emaginen Elkarteen Federazioaren Kongresua (FAME).
Miramar Jauregiak ere hainbat kongresu ospetsu hartuko ditu, besteak beste, 1st Edition Conference Series on Additive Manufacturing of Soft Materials, material bigunen 3D inprimaketan izandako aurrerapenak aztertuko dituena, eta XXXV. Nazioarteko Kongresua, Sociedad Española de Psicología Comparada (SEPC) elkartearen eskutik. Bestalde, konputazio kuantikoak protagonismo berezia izango du, Quantum Algorithms in Pre-Fault Tolerant Hardware (BasQIBM25) eta Quantum Designer’s Special Edition: 100 years of Quantum (QD100) ekitaldiekin, azken horrek fisika kuantikoaren mendeurrena ospatuko du. Theoretical Chemistry and Computational Modeling: 25 years promoting Excellence in Science (25TCCM) kongresuak, berriz, kimika teoriko eta modelizazio konputazionalaren 25 urteko bikaintasuna ospatuko du. Azkenik, biomekanika eta biomaterialak izango dira XLVII. Nazioarteko Kongresuaren, Sociedad Ibérica de Biomecánica y Biomateriales elkartearen ekitaldiaren ardatz nagusia, arlo horietako berrikuntza nagusiak aurkeztuko direlarik.
Horiek guztiak garrantzi handiko biltzarrak dira, eta bat datoz lurraldeak zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duen apustuarekin.
Inbertsio-plana eta garapen ekonomikoaren motorra
Etorkizunari begira, Kursaal Sozietateak 4 milioi euroko inbertsio-plana onartu du 2025erako. Aurrekontu horri esker, hobekuntza esanguratsuak gauzatu ahal izango dira, hala nola, ganbera-aretoaren butaken berritzea, barne-prozesuen digitalizazioa, Kursaaleko eszenatoki- eta argiztapen-ekipamenduaren modernizazioa, bai eta Miramar Jauregiaren birgaitze-prozesuaren lehen fasea amaitzea ere.
Kursaal Sozietateak aurrera jarraitzen du bere 2024-2027 estrategiaren garapenarekin, lurraldearen garapen ekonomikoa eta eraldaketa soziala bultzatzeko plataforma giltzarri gisa sendotuz. 2024an lortutako emaitza onek hori berresten dute, hazkunde-motor gisa duen papera indartuz eta norabide horretan urrats sendoz aurrera egiten duela erakutsiz.
Esparru horretan, hazkunde-bektore nagusiak sustatuko dira, hala nola inpaktu handiko biltzarrak eta ekitaldi korporatiboak erakartzea, helmugaren nazioarteko proiekzioari laguntzen diotenak eta tokiko ekonomian trakzio-efektua sortzen dutenak. Era berean, Miramar Jauregi berrituaren jarduera bultzatuko da, topaketa profesionalak eta erakunde eta kultura izaerako jarduerak egiteko erreferentziazko gune gisa kokatuko duten proposamen eta gaitasun berriekin hornituz.
