
Gaurkotasuna / 27 urria, 2023
- Kian Soltani txelistak Elgarren Biolontxelorako kontzertua interpretatuko du.
- Musika klasikoko sarrerak eta abonuak salgai kursaal.eus-en eta Kursaaleko leihatiletan.
Larunbat honetan, urriaren 28an, Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak Kursaal Eszenako musika klasikoko denboraldiari hasiera emango dio; horrela, Kursaal Eszenak nazioarteko proiekziorik handiena duten orkestrak lurraldeko publikoari hurbiltzen darrai. Alemaniako orkestra Cristian Macelaruren zuzendaritzapean, eta Kian Soltani biolontxelista izango da solista.
Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak behin baino gehiagotan bisitatu du Donostia Musika Hamabostaldian aritzeko, eta harrera bikaina izan du beti jaialdiko ikusleen artean. Bere azken partaidetzetan, 2011, 2015 eta 2018an, Esa-Pekka Sarastek zuzendu zuen, aurreko zuzendari printzipalak. 1947an sortua, orkestrak XX. mendeko musikari eta konpositore garrantzitsuenetako batzuekin kolaboratu du, hala nola Stravinsky, Strauss edo Shostakovichekin; errepertorio zabala du, barrokoko maisulanak edo konposizio garaikideak barne. Cristian Macelaru, WDR Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izateaz gain, Frantziako Orkestra Nazionalaren zuzendari musikala eta George Enescu Jaialdiaren zuzendari artistikoa ere bada; bere ibilbidean zehar, munduko orkestra nagusietako batzuk zuzendu ditu (New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, Filadelfiako Orkestra...). Kian Soltani, irandar jatorriko biolontxelista austriarra Kursaal Eszenara itzuliko da Elgarren biolontxelo kontzertu ezagunarekin. Soltanik nazioarteko eszenako lehen mailara egin zuen jauzi 2013an, Helsinkiko Nazioarteko Biolontxelo Lehiaketaren irabazle gisa, eta 2017an Alemaniako Leonard Bernstein Saria irabazi zuen, besteak beste. Kian Soltanik "London ex Boccherini" Stradivarius biolontxeloa jotzen du, Beares International Violin Societyk utzita. Egitarauaren oharretan jasotzen denez, Elgarren kontzertua "estilo erromantiko berantiarraren malenkonia eta handitasuna biltzen dituen maisulana da. 1919an konposatua, I. Mundu Gerra amaitzean, garaiko gizarteak zuen galera eta atsekabe sentimendua islatzen ditu". Rachmaninoven 3. Sinfoniak osatuko du egitaraua; "1935ean konposatua, konpositorearen estiloaren bilakaera markatzen du, Rachmaninoven aberastasun melodiko bereizgarria konplexutasun harmoniko modernoagoarekin uztartuta".
Kontzertu honetarako sarrerak www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daitezke.
Klasikoko abonuak salgai. Urriaren 28ra arte kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daiteke Kursaal Eszenako denboraldi honetako musika klasikoko honako lau kontzertuak barne hartzen dituen abonua: urriaren 28 (Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa), azaroaren 14 eta 30 (Jordi Savall & Le Concert des Nations, Franz Liszt Ganbera Orkestra) eta abenduaren 23 ("Magnificat", Bach – Netherlands Bach Society). Abonamenduak % 20ko aurrezpena dakar sarrera solteen guztizko zenbatekoaren gainean, eta % 20ko deskontua abonu klasikoaren kontzertu baterako 2 sarrera solteetan, beste abantaila batzuen artean.
Kursaal Eszenako programazio klasikoko abonudunentzako hitzaldia. Denboraldi honetako musika klasikoko abonuaren titularrek musikagile, konpositore eta Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako irakasle den Jagoba Astiazaranek lau kontzertuei buruz emango duen sarrera hitzaldiaz gozatu ahal izango dute larunbatean bertan 18: 30etatik aurrera Kursaal Auditorioan (abonudunentzako sarrera esklusiboa).
KOLONIAKO IRRATIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Urriaren 28 larunbata, 19:30. Kursaal Auditorioa. 62 / 50 / 40 / 32 / 11 €
