Gaurkotasuna / 30 iraila, 2022
Kursaalek eta Tabakalerak elkarlanean arte digitaleko proposamen berri bat aurkeztuko dute Irekiak Gallery Weekend programaren baitan.
Tabakalerako Medialaben sortutako Alba G. Corral artistaren 'Entremaliat' obra Kursaaleko fatxadan proiektatu da Irekiak Gallery Weekend programaren baitan.
Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, arte-ekoizpenari laguntzeko zentroa den aldetik, eta Kursaal Kongresu Jauregiak, berrikuntzaren eta kultur zabalkundearen aldeko apustuan, indarrak batu dituzte beste behin ere proposamen artistiko berri bat osatzeko. Horrela, fatxada ikonikoa mihise digital bihurtuko da berriro.
Alba G. Corral artistaren Entremaliat instalazio artistikoa, 10 minutuko iraupena duena –ostegunetik igandera ikusgai, 20:30etik 22:00etara ikusi ahal izango dena – Kursaal Kongresu Jauregiaren fatxadarako berariaz sortutako pieza generatibo abstraktua da.
Entremaliaten lau proiekzioak Irekiak Gallery Weekend ekimenaren bigarren edizioaren programazioaren barruan kokatzen dira. Lau egun horietan arte garaikidea izango da hiriko protagonista.
G. Corralek duela 10 urte baino gehiago kodetutako lanak aztertu ditu, eta kodea eta algoritmoak programatuz, pieza hau sortu du eraikinarekin elkarrizketan. Artistak dioenez: «Entremaliaten elementu sortzaileak arkitekturan harrapatuta daude eta Kursaaletik aterako dira arte generatiboaren bihurrikeria (entremaliat katalanez) ikusteko asmoz, eta ikusle bakoitzak ikusten duenean bestelako formak aurkituko ditu: hegaztiak eta arrainak ez diren irudi abstraktuetan oinarritu naiz, baina bi animalia horiek izan daitezke, edo obra ikustera doan bakoitzak imajina dezakeena. Nahiz eta kodea hain analitikoa izan, arte generatiboa bihurria ere izatea gustatzen zait». Pieza sortzean, artistak Kursaaleko fatxadak duen berezitasuna kontuan izan du, daukan argiaren bidez informazioa eskaintzen baitu.
Entremaliat Tabakalerako Medialaben sortutako eta Kursaaleko fatxadan proiektatutako hirugarren instalazioa da. Lehenengoa, Jaime de los Ríos artista donostiarraren Crimson Waves, iaz proiektatu zen Irekiaken lehen edizioan, eta bigarrena, Karlos G. Liberalek eta Biko2 esku-hartze estudioak sortutako Denbora Latente, Kursaaleko Gabonetako argiztapenaren pieza protagonista izan zen.
Alba G. Corral
Alba G. Corral (Madril, 1977) Artista bisuala, kode-garatzailea eta irakaslea, azken hamarkadan softwarea erabiltzen du sortzeko, eta ikusizko sormeneko arte-lehiaketen nazioarteko zirkuituan Espainiako enbaxadore nagusietako bat da. Bere praktikak zuzeneko performancea, bideoa, bitarteko digitalak eta instalazioa hartzen ditu, narratiba abstraktuak aztertzen ditu eta kolorearekiko sentiberatasuna eta gustua adierazten ditu. Bere ikusizko atmosferekin edozein espaziotan eta formatu desberdinetan esku hartzeko duen moldakortasunak sinergiak sortzera eraman du hainbat diziplina artistikotako artistekin (musika klasikoa, elektronikoa, esperimentala, moda, antzerkia, dantza garaikidea...), nahiz eta ezaguna den, batez ere zuzeneko ikus-entzunezko emanaldiengatik, non kodifikazioa eta elaborazioa denbora errealean integratzen dituen, musikariekin lankidetzan.