Gaurkotasuna / 24 azaroa, 2021
Mozartland kontzertu-ikuskizunean gonbit egiten zaio publikoari hezur-haragizko bi haurrek interpretatzen dituzten Mozarten eta bere arreba Nannerlen jolas-gelan eser dadin. Han, hari eta flauta laukote batek zuzenean interpretatuko duen Mozarten musikaren erritmora, hiru antzezlek Salzburgeko jenio txikiak gustukoen zituen ipuinak irudikatuko dituzte, maskarak baliatuta. Horrela, Wolfgang eta Nannerlen jolas-gelatik honako pertsonaiak pasako dira, besteak beste: igela, printzesa mizkea, erregea, Txanogorritxu, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak. Jolasen bidez, Mozart neba-arrebak saiatuko dira ipuinetako pertsonaiak eta horien istorioak edertasun, egi eta ontasun bihurtzen, urte batzuk beranduago Wolfgangek bere musikarekin egin zuen bezalaxe.
Companyia del príncep Totilau konpainiaren helburu artistikoa da errealitatea interpretatzeko molde berriekin jolastea, arte eszenikoek aldarazteko eta gogora ekartzeko duen gaitasunaren bidez, publiko garaikideari askatasunean bizitzeko tresna berriak eskaini asmoz. 2007. urtean sortu zenetik, hamaika ikuskizun garatu ditu, antzerkiaren eta dantzaren arloan (Ballet imperial de la reina Rosamunda izenpean). Ekoizpen horien artean, bereziki azpimarragarria da Monsieur Croche, Claude Debussyren musikaren zuzeneko interpretazioa eta antzerki bisuala uztartzen dituen ikuskizuna. Espainiako CaixaForum aretoetan aurkezteaz gain, Hego Koreara ere bidaiatu du, Uijeongbu Music Theater Festival jaialdira. Enkarguz egindako proiektuen artea, berriz, aipatzeakoak dira Petruixka, Stravinskyren balleta (2011) edo Oh, l’amor! Mario Ros-en opera, biak Gran Teatre del Liceu-k ekoitziak. 2019an, Bartzelonako L’Auditori-k ekoitzitako Els nous colors del metall kontzertuaren dramaturgia eta zuzendaritza artistikoaz arduratu zen, Pep Golen musika zuzendaritzapean.
Kontzertu-ikuskizun horretarako azken sarrerak eros daitezke Kursaaleko leihatilatan eta webgune honetan (hori da sarreren online salmentarako bide baimendu bakarra).
Mozartland kontzertu-ikuskizunaren ondoren, Kursaal Eszenaren Musika Familian ataleko bigarren proposamena abenduaren 11n iritsiko da: Memory, Edward Elgar konpositoreak musika, makila majiko bailitzan, bere haurtzaroa gogora ekartzeko erabiliko duen ikuskizuna. Gainera, Kursaal Eszenaren denboraldiko familiarteko publikoarentzako eskaintza osatuko du Xarma ikuskizunaren erabateko estreinaldiak, abenduaren 26an Kursaal Auditorioan; Oreka TXren proiektu eszeniko berria Eguberriotan familiartean gozatzeko sorgindutako ikuskizuna da.
MOZARTLAND. Companyia del príncep Totilau
Azaroaren 27 larunbata, 18:00etan. Kursaaleko Ganbera Aretoa
7 / 3 € (< 12 años)