Gaurkotasuna / 16 abendua, 2024
- Musika klasikoaren proposamena Daniil Trifonoven piano errezital batekin osatzen da.
- Herri musikaren atalean, Silvia Pérez Cruz maiatzaren 28an ariko da, eta Fito Páez uztailaren 3an.
- Haur eta familientzako eskaintzaren baitan, "Musika tantak" eta "Emozioetan zehar bidaiatzeko kontzertu txundigarria" Familia Kontzertuak eta "Logelan logale" elkarlaneko eskola kontzertuak.
- Musika klasikoko abonuak eta sarrera solteak gaur jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera.
Kursaal Eszenako denboraldia 2025eko otsailaren 4an hasiko da Verdiren "La Traviata" operarekin, kontzertu dramatizatu bertsioan, eta uztailaren 3an amaituko da Fito Páez argentinarraren kontzertuarekin. Musika klasikoko, musika herrikoiko eta haur eta familientzako hitzorduekin, otsailetik uztailera 10 izango dira Kursaaleko kultur-programazio propioa osatuko duten emanaldiak.
Musika klasikoaren atalean, otsailaren 4an, hitzordu klasiko garrantzitsu batekin hasiko da Kursaal Eszenako denboraldi berria: Giuseppe Verdiren "La Traviata" opera ospetsuaren interpretazioarekin, kontzertu dramatizatu bertsioan. Nina Minasyan sopranoa, momentuko abeslari verdiar nabarmenetako bat, Violetta izango da, Alejandro Dumasen "La dama de las Camelias" eleberrian inspiratutako istorioko paper nagusia. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa (OSN) arduratuko da alderdi instrumentalaz, eta abesbatzari dagozkion zatiak, berriz, AGAO Abesbatzak (Asociación Gayarre Amigos de la Ópera de Navarra) egingo ditu; halaber, gainontzeko bakarlariak dira Santiago Ballerini (Alfredo), Juan Jesús Rodríguez (Giorgio), Andrea Jiménez (Annina), Nerea Berraondo (Flora), Imanol Resano (Gastone), Jan Antem (Douphol baroia), Juan Laborería (Obignyko markesa) eta Mikel Zabala (Grenvil doktorea). Perry So, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra izango da musika-zuzendaria, eta Iñigo Santacana eszena-zuzendariak diseinatuko du dramatizazioa. Kontzertu horretarako sarrerak azaroaren 29an jarri ziren salgai.
Otsailaren 11n, Daniil Trifonov pianistak debuta egingo du Kursaal Eszenan, Tchaikovsky, Chopin eta Barberren lanekin. "Azken urteetan musika klasikoan artista gutxi gailendu dira Daniil Trifonoven indarrarekin" dio The New York Times-ek. Izan ere, pianista hau birtuositate handikoa da, eta bere maisutasuna azaltzeko moduko egitaraua interpretatuko du. Grammy sari bat irabazi ondoren, Trifonov izugarri nabarmendu da musika klasikoaren munduan, bai bakarlari gisa, bai errezitaletan abeslari bakarlariak laguntzen eta ganbera musikako emanaldietan, bai konpositore gisa. "Dena eta gehiago dauka, samurtasuna eta deabrua ere bai. Sekula ez nuen horrelakorik entzun ", dio Martha Argerich pianistak. "Transcendental", Deutsche Grammophonen artista esklusibo gisa argitaratutako hirugarren diskoko Liszt bildumak markatu zuen Liszt bildumarekin, Trifonovek 2018ko Disko Bakarlari Instrumental Onenaren Grammy Saria irabazi zuen. 2016. urteko artista izendatu zuen Gramophone-k, eta 2019. urteko artista Musical America-k. Frantziako gobernuak «Chevalier de l 'Ordre des Arts et des Lettres» izendatu zuen 2021ean.
Hurrengo bi hitzordu klasikoetan nazioarteko ospea duten Frantziako orkestrak izango dira protagonista: apirilaren 8an Kursaal Eszenan Le Cercle de l 'Harmonie ariko da, taldearen sortzaile Jérémie Rhoreren zuzendaritzapean eta Gaëlle Arquez mezzosopranoa bakarlari dela; errepertorio klasikoa eta erromantikoa garaiko instrumentuekin lantzen dituen talde nagusietako bat da, orkestra berritzailea, bere interpretazioen izaera eta berezitasunagatik zein soinu garden eta dinamikoagatik ospetsua. Sortu eta ia 20 urtera, esploratzen darrai, Jérémie Rhorer musika sortzaile eta zuzendariaren gidaritzapean. Emil Tchakaroven eskolan hezia, Nikolaus Harnoncourten interpretazioetatik elikatu zen Rhorer, William Christie eta Marc Minkowskirekin batera lehen urratsak eman aurretik; 2005ean sortu zuen Le Cercle de l 'Harmonie, eta "Amor Furor" programa interpretatuko du, Mozart, Gluck, Saint-Saëns, Massenet, Bizet, Mendelssohn, Donizetti eta Rossiniren opera-aria sorta.
Ondoren, maiatzaren 7an, Philippe Herreweghe zuzendaria, hemeretzigarren mendeko errepertorioko maisu handienetako bat, eta bere Orchestre des Champs-Elysées Kursaal Eszenara itzuliko dira 2023ko ekainean egindako bisitaren ondoren, Beethovenen sinfonien integrala interpretatzen jarraitzeko; oraingo honetan, 4. Sinfonia si bemol maiorrean, op.60 eta 7. sinfonia maiorrean, op.92 joko dituzte. Laugarren Sinfoniaren arintasuna, finezia eta umorea ez datoz bat inguruan dituen bi monumentuekin, Eroica deritzon sinfoniarekin eta Bosgarrenarekin, alegia. «Eskandinaviako bi jainkoen artean harrapatutako dama greziar txiki bat», zioen Schumannek. Laugarrenaren argi distiratsuari Zazpigarrenaren zurrunbiloak jarraituko dio, «dantzaren apoteosiak», Wagnerren hitzetan; bizitasun handia eta dinamika ia etengabea ditu ezaugarri, batez ere amaieran, entzulea trantze mugimendu batean arrastaka daramana. Orchestre des Champs-Elysées delakoak Kursaal Eszenara egindako aurreko bisitaldian Mozarten Jupiter Sinfonia eta Beethovenen Eroica, eta "Klasikoenak eta zerbait gehiago" (Berria) edo "Planeta gogoangarri batean" (DV) izenburuak merezi izan zituen.
Bukatzeko, maiatzaren 27an, dantzaren txanda izango da, topaketa garrantzizko batekin: Martha Graham Dance Company newyorktarraren debuta Donostian, hiru denboralditan konpainiaren mendeurrena ospatzeko abian jarritako GRAHAM100 proiektuko nazioarteko biraren barruan; Martha Graham (1894-1991) ez da soilik joan den mendeko dantzari nagusietako bat eta dantza garaikidearen aitzindaria, baizik eta XX. mendeko fenomeno artistiko oso bat, Picasso, James Joyce, Stravinsky edo Frank Lloyd Wrightekin batera, besteak beste. 1926an sortu zenetik, Martha Graham Dance Companyk dantza garaikidearen mugimenduen errepertorioa zabaldu du, eta diziplina artistiko horren irismena betiko eraldatu du, obrak testuinguru sozial, politiko, psikologiko eta sexual garaikideetan errotuz eta haien inpaktua eta erresonantzia soziala askoz sakonagoak bihurtuz.
Musika klasikoaren denboraldia amaitu ondoren, maiatzaren 28an, herri musikaren esparruan, Silvia Pérez Cruz izango da Kursaal Eszenan. Abeslari eta konpositore katalana, azken aldiko ahotsik hunkigarrienetako bat dena, Kursaalera itzuliko da bere nortasun handiaren, ahots erregistro miresgarriaren eta musika estilo ezberdinak jorratzeko duen gaitasun harrigarriaren berri beste behin emateko.
Uztailaren 3an, Fito Paéz azken 30 urteetako rock argentinarraren adierazgarririk garrantzitsuenetakoa de musikari, konpositore, pianista, zinema zuzendari eta abeslaria izango da Kursaaleko agertokian.
Haurrentzat eta familientzat, Familia Kontzertuen barruan, Kursaal Eszenak aurkeztuko ditu "Musika tantak" (martxoak 29), Euskadiko Orkestrak ekoitzitako proiektua, inklusioa eta askotarikotasuna batzen dituena; horretan, gaitasun ezberdinak dituzten musikariek kontzertua emango dute elkarrekin, 6 eta 14 urte bitarteko publikoarentzat, musika klasikotik hasi eta musika esperimentaleraino, pop eta jazza barne. Eta maiatzaren 17an Soinuak Haizean taldeak "Emozioetan zehar bidaiatzeko kontzertu txundigarria" ikuskizuna aurkeztuko du, 3 urtetik gorako publikoarentzat; Pablo de Lunak (biolina), Irati Castrok (biola), Ricardo de Lucasek (kontrabaxua) eta Jon Casamayorrek (aktorea) emozioak bereizten, estimatzen eta bideratzen nola ikasi erakutsiko dute Beethoven, Prokofiev, Strauss, Mussorgsky eta Chopinen musika aitzaki hartuta, besteak beste.
Gainera, maiatzaren 13an eta 14an, Euskadiko Orkestraren Musika Gelarekin batera egiten diren Eskola Kontzertuek Gipuzkoa osoko ehunka ikasle bilduko dituzte berriro Kursaalen. Oraingo honetan, musika sinfoniko-koralaren unibertsoan murgilduko dira "Logelan logale" proiektuaren bidez: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako kantata baten izenburua da hori, Euskadiko Orkestrak kontzertu parte-hartzaile batean estreinatuko duena; orkestrarekin batera, ikasleek abesbatza handiak osatuz abestuko dute, eta horretarako bereziki konposatutako obra hori interpretatuko dute.
Otsailean denboraldi berria hasi baino lehen, Kursaal Eszenan Gabonei ongietorria emango diegu Haendelen "Mesias" lanarekin, konpositore haren errepertorioan erreferenzita den The English Concert Orchestra and Choir talde britainiarrak interpretatua (abenduaren 18an), eta Eguberria ospatzen jarraituko dugu, Izarok "Izaro gabonetan" gabon-kantuen diskoa zuzenean estreinatzeko prestatu duen mahaian eserita (abenduaren 22an eta 23an). Horrela amaituko dugu 2024. urtea; eta horretan, Kursaal Eszenaren ekitaldietara 33.168 pertsona bertaratu dira eta Izaro, Bulego eta Loreena McKennitten kontzertuetan eta Lucia Lacarra Balleten "Lost Letters" ikuskizunean sarrerak agortu dira.
ABONUAK ETA SARRERAK
Musika Klasikoko Abonuak
Kursaal Eszenako Bazkide Abonua (Eszena Kide +): abonu honek 5 ikuskizun biltzen ditu ("La Traviata", Daniil Trifonov, Le Cercle de l'Harmonie, Orchestre des Champs-Elysées, Martha Graham Dance Company) eta sarrera solteen prezioan % 20ko aurrezpena suposatzen du, Eszena Kide + abantailez gain: deskontuak Iruñeko Baluarte Fundaziorako edo Bilboko OLBErako sarreren erosketan, deskontuak Kursaaleko aparkalekuan eta Muka jatetxean, Kursaalera bisitak, entseguetan...); artistekin topaketak eta sarrera esklusiboko beste jarduera batzuk musika klasikoaren inguruan. Abonu hau eskatu ahal izango da kursaal.eus webgunetik horri dagokion eskari-formularioa bidalita edo 943 003 180 telefonora deituta, gaur, astelehena, abenduak 16, hasi eta otsailaren 4ra arte.
Denboraldiko Abonua: abonu honek 5 ikuskizun biltzen ditu ("La Traviata", Daniil Trifonov, Le Cercle de l'Harmonie, Orchestre des Champs-Elysées, Martha Graham Dance Company) eta sarrera solteen prezioaren % 15 aurreztea suposatzen du. Abonu hau kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daiteke, gaurtik, abenduaren 16tik, otsailaren 4ra arte.
Sarrera solteak
Gaur, astelehena, abenduak 16, 11:30ean, hasiko da Kursaal Eszenako denboraldi berriko kontzertu guztietarako sarrera solteen salmenta, "La Traviata" kontzertu dramatizaturako sarrerak izan ezik, dagoeneko salgai baitaude. Sarrerak erosi aurretik, doan ESZENA KIDE eginez gero (kursaal.eus webgunean edo Kursaaleko leihatiletan), % 10eko deskontua izan dezake Kursaal Eszenako programazioko kontzertu bakoitzerako sarrera bat erosten duenak, beste abantaila batzuen artean.
Kursaal Eszenako ikuskizunetarako sarrera solteak Kursaaleko leihatilan eta www.kursaal.eus webgunean eros daitezke; gogoan izan helbide hori dela sarrerak online saltzeko baimendutako kanal bakarra.
KURSAAL ESKURA
Kursaal Eskura ekimenaren bidez, Kursaal Eszenak Donostiatik urrun dauden Gipuzkoako udalerrietatik datozen ikus-entzuleei bere ikuskizunetarako sarbidea errazten die, garraio kolektiboaren erabilera bultzatzeaz gain. Gipuzkoako hainbat udalen lankidetzari esker, ekimen honek Kursaal Eszenako publikoaren esku doako autobus zerbitzu bat jartzen du, atxikitako udalerrietatik abiatuta, Kursaalen egindako kontzertua/ikuskizuna amaitu ondoren, jatorrizko herrira itzultzen dena. Orain arte Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Legazpi, Antzuola, Zumarraga, Urretxu, Eibar, Ermua, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako udalek parte hartu dute ekimen honetan.