Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Ikusleak eserlekuetan eserita egon behar dute ikuskizun osoan zehar.

Gaurkotasuna / 13 iraila, 2024

  • Musika klasikoko zikloan Judith Jáuregui pianista donostiarra eta Lucía Lacarra dantzari zumaiarra eta herri-musikaren sailean donostiarrak bihurtutako Loquillo eta Izaro izango dira, Crystal Fighters, Philippe Jaoroussky kontratenorra, Anima Eterna ensemblea Pablo Heras-Casadoren zuzendaritzapean, The English Concert eta familiarteko publikoarentzat sortutako bi ikuskizunekin batera.
  • Azaroaren 8an, Kursaala ospakizunerako jantziko da hainbat euskal artista nabarmenekin batera bere 25. urteurrena ospatzeko.

Kursaal Eszenaren denboraldi berria urriaren 20an hasiko da, Bavariar Ganbera Orkestra Filarmonikoarekin eta bakarlari ariko den Judith Jáureguirekin. Hamabi kontzertu izango ditu eta Izarok emango dio amaiera, abenduaren 22an eta 23an,  gabon kanta oso pertsonalak hizpide izango dituen hitzordu bikoitzarekin. Kursaal Eszenaren programazioa definitzen duen filosofiari jarraituz, hiru hilabete hauetan zehar Kursaalean musika klasikoko, pop/rockeko eta haurrentzako eta familientzako ikuskizunetako proposamenak izango dira, bertakoak zein nazioartekoak, kalitatea ezaugarri dutenak.

Programazio horren barruan, azaroaren 8a, ostirala, egun handia da Kursaal Eszenako egutegian; izan ere, egun horretan, Kursaal Elkargunearen 25. urteurrena ospatzeko Gala egingo da Auditorioan; Gipuzkoar gizartearen eta inguruko musika-eszenaren eta dantzaren izen adierazgarrien topagune izango da, eta eraikinaren ohiko jardueraren isla bihurtuko da. Juan José Ocónek zuzenduko duen kontzertu horrek errepertorio klasikoaren dotorezia, pop-rockaren indar bizia, dantzaren edertasuna eta abesbatzen munduko indar zirraragarria bilduko ditu eta horretan ariko dira, besteak beste, Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Easo Eskolania, Arantza Ezenarro, Neomak, Errobi, Idoia, Joserra Senperena eta Lasala dantza konpainia. Galarako sarrerak salgai daude joan zen uztailetik.

Gainera, publikoaren fideltasuna sustatzen jarraituko du ESZENA KIDE programak, Kursaal Eszenako ekitaldietarako sarrerak erostean publikoari hainbat abantaila doan eskuratzeko aukera ematen dion Kursaal Elkargunearen ekimenak.

KURSAAL ESZENAREN DENBORALDI BERRIA
Herri-musikaren atalean, urriaren 24an, Crystal Fightersek joan den denboraldirako iragarri bazen ere taldeko kideetako bat gaixotu eta atzeratu egin zen kontzertua emango du Kursaalen. Emanaldia euskal inspirazioa duen eta mundu osoko musiken eragina duen talde alternatibo honek bere estudioko bosgarren albuma, "LIGHT +", zuzenean aurkezteko egiten duen biraren parte da. Euskal instrumentu tradizionalen eta elektronikaren fusioan oinarrituta, disko honek taldearen jarraitzaileentzat ezaguna den soinu batera itzultzea dakar; taldearen hitzetan, "gutako bakoitzaren bizitzaren eta argiaren ospakizuna da, iluntasunean distiratzen duena". Crystal Fightersek zuzeneko ikuskizun ikusgarria proposatzen du, alaitasun hutsezko ospakizuna. Donostian ez ezik, Lisboan, Porton, Santanderren, Burgosen, Sevillan, Madrilen, Bartzelonan, Bruselan, Amsterdamen, Kolonian, Berlinen, Varsovian, Pragan, Vienan, Parisen, Manchesterren edo Londresen ere iragarri dituzte kontzertuak. Emanaldirako sarrerak salgai daude jada otsailerako iragarri zenetik eta, halaber, lehen data horretarako sarrerek kontzerturako balioko dute.

Azaroaren 2an, Loquillo, Donostian bizi den artista bartzelonar polifazetikoa, Kursaalen ariko da "30 años de Transgresiones" biraren barruan. Bira berri horretan, Loquillok berak urratzailetzat eta nihilistatzat jotzen duen bere poesia-proiektuari egiten dio so. Bartzelonako artistarentzat poesiak eraldaketa esan nahi izan du beti, eta funtsezkoa izan da bere pertsonaiarik rockeroenean. "30 años de Transgresiones" gaztelaniazko poesia-kantuz betetako ikuskizun paregabea da. 1994an, Loquillok poesia agertokietara eraman zuen herri musika bihurtzeko; ordutik, poesia garaikidean oinarritutako hainbat disko grabatu ditu -"La vida por delante" (1994), urrezko diskoa izan zena, "Con elegancia" (1998), "Mujeres en pie de guerra" (2004), "Su nombre era el de las todas las mujeres" (2011) eta "Loquillo en Madrid" (2012)-, eta orain, lan horien onena "30 años de Transgresiones, Antología Poética" CD bikoitzean bildu du, besteak beste, Bernardo Atxaga, Julio Martínez Mesanza, Mario Benedetti, Jacques Brel, Luis Eduardo Aute, Luis Alberto de Cuenca edo Jaime Gil de Biedmaren poemen moldaketak biltzen dituena. Proiektu hori eszenatokietara dakar orain bere ohiko bandarekin batera bere alderdi poetikoa eskaintzeko, bere zuzenekoen indarra eta pasioa galdu gabe betiere.

Gabonen atarian, abenduaren 22an (igandea) eta 23an (astelehena), Kursaal Eszenaren 2024a urtea ireki zuen Izarok berak itxiko du urtea, errepertorio oso berezi batekin. Izarok Kursaala argiztatuko du Eguberrietan; bere talde osoarekin batera ad hoc jantzi eta berak sortutako gabon-kantak joko dituzte, Durangoko Azokan diskoan aurkeztuko dituenak. Kontzertu bereziak, dibertigarriak eta hunkigarriak izango dira, distantzia eta tamainari dagokionez gertuagokoak, denok mahaiaren inguruan abesten amaitzen duguneko Gabonetako afari horiek bezala. Pop errepertorio propioa eskaniko du Izarok, ziur asko egun horietan familia askoren soinu-banda bihurtuko dena. Jatorriz mallabitarra den eta Donostian bizi den artistak amaiera emango dio horrela "cerodenero" haren lan berria ekarri duen urteari.

Kursaal Eszenako musika klasikoaren saila urriaren 20an hasiko da, Judith Jáuregui pianista donostiarrarekin. Bavariar Ganbera Orkestra Filarmonikoaren bakarlari gonbidatu gisa ariko da Kursaalen, Gabriel Adorján orkestrako kontzertinoaren zuzendaritzapean. Nortasuna, finezia eta argia dira Judith Jáuregui pianista gisa definitzen duten ezaugarrietako batzuk. Nazioarteko ibilbide oparoa du atzean, eta bere jaioterrira itzuli da, Alemaniako ganbera-talde garrantzitsuenetako batekin batera, programa erabat klasikoarekin: Wolfgang Amadeus Mozarten 29. eta 51. Sinfoniak eta Joseph Haydnen 11. Piano eta orkestrarako kontzertua. Bavariar Ganbera Orkestra Filarmonikoa 1990ean sortu zuten hainbat musikari gaztek Augsburgon; kide bakoitzaren inplikazio sendoa eta energia artistikoa ditu bereizgarri; taldeak birak egin ditu Europan, Estatu Batuetan, Brasilen edo Korean, eta Dave Brubeck, Chick Corea edo Marius Neset saxofoi jotzaileekin kolaboratzen du; Christopher Hogwood, Dietrich Fischer-Dieskau, Albrecht Mayer, Leonidas Kavakos eta Mstislav Rostropovichekin ere lan egin du.

Urriaren 30ean, Pablo Heras-Casado granadar zuzendari ospetsuak, Madrilgo Errege Antzokiko zuzendari gonbidatu nagusiak, debuta egingo du Auditorioan, Anima Eterna Brugge garaiko instrumentuen orkestraren buru dela. Atriletan izango dira Anton Brucknerren 3. Sinfonia ("Wagneriarra")  eta Gustav Mahlerren Rückert Lieder xarmangarriak, Sarah Connolly mezzosopranoak interpretatuko dituenak. Pablo Heras-Casadok arrakasta nabarmenak lortu ditu antzinako musikatik eta historikoki informatutako interpretaziotik literatura sinfoniko eta operistiko handira eta musika garaikidera doan errepertorio zabala zuzenduz; Heras-Casado erregularki aritzen da honako hauekin: Philharmonia Orchestra, Radio Franceko Orkestra Filarmonikoa, Berlingo Staatskapelle, Municheko Filarmonikoa, Elbphilharmonie Orchester NDR, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks, SWR Symphonieorchester, Vienako Sinfonikoa, Orchestra dell 'Accademia Nazionale di Santa Cecilia, Filarmonica della Scala, NHK Symphony Orchestra, San Francisco, Chicago, Pittsburgh, Minnesota, eta Filadelfiako orkestra sinfonikoak, Los Ángeles-ko orkestra filarmonikoa eta Montrealeko orkestra sinfonikoa.

Azaroaren 13an, Kursaal Eszenako programaziora egindako aurreko bisitetan lortutako arrakasta handien ondoren, Philippe Jaroussky kontratenor frantziarra pianoz lagundutako errepertorioarekin itzuliko da, antzinako musikan eta musika barrokoan izarra izateaz gain, ganbera-erromantzaren formatu txiki zorrotzean ere izarra dela erakutsiz. Jérôme Ducros pianista izango du lagun, Renaud eta Gautier Capuçon, Jérôme Pernoo edo Bruno Philippe bezalako artistekin ere elkarlanean aritu ohi dena. Programa eklektiko batean, Mozart, Haydn, Schubert, Hahn, Fauré eta Debussyren obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Jaroussky nazioarteko kontratenor nagusietako bat da; hala baieztatzen dute jaso dituen sari ospetsuek, besteak beste: Victoires de la Musique (Artista Liriko Errebelazioa 2004an; Artista Lirikoa 2007an eta 2010ean) eta Echo Klassik (Urteko abeslaria Munichen 2008an, L 'Arpeggiatarekin Dresdenen 2009an, eta berriro Berlinen 2016an), besteak beste. Ñabardura ausartenak eta piroteknia ikusgarrienak ahalbidetzen dizkion maisutasun teknikoarekin, Philippe Jarousskyk errepertorio oso zabala hartzen du.

Azaroaren 22an, Lucía Lacarrak, Lucía Lacarra Ballet bere konpainiaren buru, "Lost Letters" ikuskizuna aurkeztuko du, Matthew Goldingek koreografiatutako lehen ekoizpena, istorio hunkigarri eta oroigarria kontatzen duena. "Lost Letters"-ek benetako istorio bat balleterako jatorrizko gidoi eta argumentu bihurtzen du; galdutako konexioen gaia aztertzen du eta komunikazioaren botereari buruz hausnartzera gonbidapena da. Historian zehar izandako edozein gatazka belikotan, gudu-frontetik eskuz idatzitako eta etxe bazterrean bizitako kezkatik erantzundako gutunek berebiziko lotura ematen zieten soldaduei eta haien familiei. Baina zer gertatuko litzateke gutun horietako bat galduko balitz? Frank Bracey Lehen Mundu Gerrako artillariak bere emazte Wini idatzitako berariazko gutun batean oinarrituta, "Lost Letters"-ek irudikatzen du nola aldatu zitekeen emakume horren patua bere senar maiteak bidalitako gutuna inoiz bere eskuetara iritsi izan ez balitz.

Abenduaren 18an, Kursaal Eszenaren musika klasikoko sailak ere ongietorria egingo die Gabonei, Haendelen "Mesias" lanarekin, The English Concert taldearen eskutik, Harry Bicketen gidaritzapean. Oratorio barrokoaren paradigma, lan horrek bere egilearen bizitza eta konpositore ibilbidea laburbiltzen du. Lan sakroa da, Jesusen jaiotza, nekaldia, heriotza eta berpiztea kontatzen dituena, Bibliako narratibaren sakontasuna musika bidez islatzen du, barrokoaren eta aro klasikoaren adierazpen hunkigarria uztartuta. The English Concert orkestra aparta da bere zuzeneko eta grabatutako ekoizpenaren kalitateagatik, handinahiagatik eta aniztasunagatik; bakarra, bere interpreteek elkarrekin lan egiteko eta jarduteko duten arduragatik, eta hautsiezina, bere publikoarekin mundu osoan konektatzeko duen nahiagatik. Harry Bicket zuzendari artistiko duela, The English Concert-ek grina doitasunarekin, fintasunarekin eta edertasunarekin konbinatzearen ospea irabazi du; Joyce DiDonato, Dame Sarah Connolly, Iestyn Davies, Alison Balsom, Trevor Pinnock, Dominic Dromgoole eta Tom Morris dira orkestrarekin kolaboratzen duten artistetako batzuk.

Haurrentzako eta familientzako, Kursaal Eszenako Familia Kontzertuek bi ikuskizun dakartzate. "Ilargirik ez" (urriaren 26an) Samfaina de Colorsen proposamena da, Mirna Vilasis abeslari, multiinstrumentista, konpositore eta musika-pedagogoak gidatutako proiektu sortzailearena; 3 urtetik gorako publikoarentzako hitzik gabeko ikuskizun hau harmoniari eta oreka unibertsalari buruzko musika bidezko hausnarketa da; ilargiaren faseek bizitzaren zikloa irudikatzen dute alegorikoki, eta ilargirik gabeko unea polita eta beharrezkoa dela aldarrikatzen da, non iluntasunak introspekzioa, hausnarketa eta lasaitasuna sinbolizatzen dituen. Zein emoziok hartzen gaitu "ilargirik gabeko" une hauskor horretan gaudenean? Musika, zuzenean interpretatua, bidaia iradokitzaile honetan gidatzen gaituzten sentimenduak eta emozioak komunikatzeko erabiltzen den hizkuntza da. Eta azaroaren 23an Andaluziako La Maquiné konpainia itzuliko da "Historia de una semilla" ikuskizuna taularatzeko; konpainiaren ikuskizunik hunkigarrienetako bat naturarekiko maitasunaren istorio samurra da, ingurumenak gizakiaren esku jasaten dituen gehiegikerien inguruko hausnarketa; musikak, txotxongiloek eta proiekzioek sinbolismoz beteriko multzo eszenikoa osatzen dute, eta elkartasun- eta errespetu-balioak transmititzen dituzte, bizi garen garaiko ezinbesteko balio gisa.

ABONUAK ETA SARRERAK

Musika Klasikoko Abonuak
Musika Klasikoko abonuek 5 ikuskizun hartzen dituzte barne (Bavariar Ganbera Orkestra Filarmonikoa, Anima Eterna, Philippe Jaroussky, Lucía Lacarra Ballet eta The English Concert), eta sarrera solteen prezioaren % 20ko aurrezpena dakarte, beste abantaila batzuez gain (esaterako, deskontuak Iruñeko Barluarteko Fundazioko edo Bilboko OLBEko ikuskizunetarako sarrerak erosterakoan); horrez gain, abonua erosterakoan ESZENA KIDE + eginez gero, abantaila gehiago baliatu ahalko dira. www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatilan eskuratu ahal izango dira, gaurtik (irailak 13, ostirala) urriaren 20ra arte.

Sarrera solteak
Gaur, irailak 13, ostirala, goizeko 11: 30ean, jarriko dira salgai Kursaal Eszenaren denboraldi berriko kontzertu guztietarako sarrera solteak; Crystal Fighters-en kontzerturako eta Kursaalen 25. Urteurren Galarako  sarrerak aurrez jarri ziren salgai.

Kursaal Eszenako ikuskizunetarako sarrera solteak Kursaaleko leihatilan eta www.kursaal.eus helbidean eskura daitezke; gogorarazten dugu helbide hori dela sarrerak online saltzeko baimendutako bide bakarra. Sarrerak erosi aurretik, doan, ESZENA KIDE eginez gero, % 10eko deskontua izango da kontzertu bakoitzerako sarrera baten erosketan, beste abantaila batzuen artean.

KURSAAL ESKURA
Kursaal Eskura ekimenaren bidez, Kursaal Eszena-k ahalbidetzen du Donostiatik urrun dauden Gipuzkoako herrietako biztanleek bere ikuskizunetara bertaratzeko aukera izatea, garraiobide kolektiboen erabilpena bultzatzearekin batera. Gipuzkoako zenbait udalekin elkarlanari esker, ekimen honek Kursaal Eszenako publikoaren esku jartzen du emanaldietara bertaratzeko doako autobus zerbitzua; ekimenean parte hartzen duten herrietatik abiatu eta, ikuskizunaren ondoren, horietara itzultzen da. Orain arte Kursaal Eskura-n parte hartu duten udalerriak dira Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Legazpi, Antzuola, Zumarraga, Urretxu, Eibar, Ermua, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia.

Bertako talentuari protagonismoa eman eta Kursaalaren 25. urteurren Gala barne hartuko du Kursaal Eszenaren denboraldi berriak

Musika klasikoko zikloan Judith Jáuregui pianista donostiarra eta Lucía Lacarra dantzari zumaiarra eta herri-musikaren sailean donostiarrak bihurtutako Loquillo eta Izaro izango dira, Crystal Fighters, Philippe Jaoroussky kontratenorra, Anima Eterna ensemblea Pablo Heras-Casadoren zuzendaritzapean, The English […]

Lurrazala, Hotaru Visual Guerrilla kolektibo donostiarrak Tabakaleran sortutako pieza bisuala, Kursaaleko fatxadan proiektatuko da

> Irma Vilà Òdenak komisariatutako lana 2024ko irailaren 12tik 15era izango da ikusgai Irekiak Gallery Weekend lanaren parte gisa. > Tabakalerak eta Kursaalek laugarren urtez jarraian lan egin dute arte digitalaren proposamen berritzaile bat sortzeko. […]

Kursaalek 25. urteurrena ospatzen du ONCEren kupoiko irudia izanez

Kursaal Kongresu Jauregiaren eta Auditorioaren 25. urteurrena da ONCEren abuztuaren 21eko kupoiaren protagonista, eta bost milioi eta erdi kupoitan islatuko da. Usue Vallejok, ONCEk Euskadin duen ordezkariak eta Iker Goikoetxeak, Kursaaleko zuzendari nagusiak, kupoi hau […]