Gaurkotasuna / 27 apirila, 2023
Euskadiko Orkestraren eta Kursaal Eszenaren ekoizpen berria haurrentzako, maiatzaren 6an, larunbatarekin, “Musika Familian” zikloaren baitan
Maiatzaren 6an, larunbatarekin, 18:00etan, Kursaaleko Ganbera Aretoan “Musika Familian” zikloko hitzordu berria izango da. Ziklo horren bidez, Euskadiko Orkestrak eta Kursaal Eszenak helburu dute zuzeneko musika gaztetxoenei helaraztea, entzunaldi aktiboa bultzatzen duten familiarteko aisialdirako proposamenen bidez. “Elkarrekin sortu”, orain estreinatuko den koprodukzioa haratago doa: txikienen sormena piztu eta horiek melodiak deskubritu eta, zergatik ez, sortzeko duten gaitasunaz jabetu daitezen lortu nahi da horrekin.
Hainbat galdera oinarri hartuta (zein soinu izango luke marrazki edo eskultura batek? zer sonoritatek adieraziko luke hobeto haizea edo euria?) Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinadore Mikel Cañadak sortu duen iksukizunean publikoak eta interpreteek (Euskadiko Orkestrako zenbait musikarik osatutako ganbera taldea, pianoa lagun duela) bat egingo dute musika sorkuntzaren sekretuak argitzeko; sormena eta teknologia izango dituzte horretarako lanabes. Kontzertu berritzaile horretan zehar, bertaratutako guztiek naturarekin bat egingo dute horren soinuen bidez eta Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako) interpretatuko dute elkarrekin, Helga Ariasek espresuki idatzitako bideo-partitura. Suitzan bizi den bilbotar musikagile horren musika lanak harremanak sortzen ditu erresonantzia akustikoaren eta elektronikaren artean, eta soinu fenomenoen bariazio mikroskopikoak arakatzen ditu; gainera, bere pieza berrienetan, antzerkiarekin lotutako elementu arinak eta interakzio kolaboratiboak ere ageri dira, “Elkarrekin sortu” kontzerturako idatzitako piezan gertatzen den moduan.
Helga Ariasen lan berriaz gain, estreinakoz entzungai izango da, halaber, Euskadiko Orkestrako perkusio bakarlari den eta kontzertuan ariko den Anthony Lafarguek sortutako multiperkusio pieza bat ere. Egitaraua osatzeko, XIX. eta XX. mendeetako hainbat konpositoreren pieza laburrak hautatu dira (Saint-Säens, Ligeti, Grovlez, Gould, Youmans eta Xostakovitx).
6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako familiarteko kontzertu honetarako sarrerak salgai daude webgune honetan eta Kursaaleko leihatiletan. Kontzertuaren aurretik doako sentsibilizazio tailerra izango da, baina horretarako sarrerak agortu dira jada.
MUSIKA FAMILIAN: “ELKARREKIN SORTU”
Maiatzak 6 larunbata. 18:00. Kursaaleko Ganbera Aretoa
Euskadiko Orkestrako Ganbera Taldea: Ortzi Oihartzabal, biolina; Marc Sirera, kontrabaxua, Sara Zufiaurre, klarinetea; Yuan Dai, fagota; Anthony Lafargue, perkusioa.
Nacho Soto, pianoa
Ana Hernández Sanchiz, aktorea
Helga Arias, konpositorea
Mikel Cañada, gidoia