Gaurkotasuna / 16 otsaila, 2021
Gaur egun Europa mailako bi musika talde nabarmen diren hauek saio bikoitza eskainiko dute (17:00 eta 19:30etan ) martxoaren 8an
Kursaal Eszenaren kontzertu denboraldiak, musika klasikoari eskainitako atalean, Marin Alsop estatubatuarrak zuzentzen duen Radio Symphonieorchester Wien-en emanaldia aurreikusten zuen datorren martxoaren 8rako. COVID-19aren krisialdiak eragindako murrizketa ezberdinen ondorioz, kontzertu hori, ordea, ez da egingo eta bere ordez beste hitzordu bat programatu du Kursaal Eszenak; hala, gaur gaurkoz antzinako musikan espezialdutako ahots-talderik hoberenetakoa den Vox Luminis, eta Alemaniako ganbera-formazio handietako bat, Freiburger BarockConsort, izango dira Kursaaleko agertokian.
Martxoaren 8ko astelehenez saio bikoitzean, 17:00etan eta 19:30etan, eskainiko den kontzertu honen programak bi konposagile izango ditu ardatz; Errenazimentua eta Barrokoaren artean zubi lanak egiten dituzten Steffani eta Biber maisuak hain zuzen ere. “Stabat Mater” obrak, Steffani-ren maisulana denak, Italiako konposagilearen debozioa islatzen du. Biber-en “Requiem-a fa minorren”, berriz, barroko aldiko konposiziorik hunkigarri eta ederrenetakotzat jotzen da.
Radio Symphonieorchester Wien-en kontzerturako gaurdaino erositako sarrerak ez dira baliozkoak izango Kursaal Eszenaren hitzordu berri honetarako, eta sarrera horien zenbatekoa itzuli egingo da (itzulketa automatikoki egingo da, sarrerak Internetez erosiak izan badira. Euren sarrerak leihatilan eskuratu zituzten lagunek, berriz, 943 00 31 70 zenbakia deituko beharko dute itzulketa gauzatzeko).
Hau horrela, Vox Luminis & Freiburger BarockConsort-en kontzertura etortzeko interesa dutenek sarrerak erosi beharko dituzte www.kursaal.eus web orria bitarteko dela, edota Kursaaleko leihatilara gerturatuta. Sarreren prezioa 45/36/29/23€koa izango da, zonaldearen arabera.
VOX LUMINIS &
FREIBURGER BAROCKCONSORT
KURSAAL Auditorioa
Martxoak 8, astelehena, 17:00 / 19:30
45 / 36 / 29 / 23 €