Gaurkotasuna / 1 apirila, 2019
Aurten ere, ideia berritzaileak eta diseinu bitxiak ekarri dituzten 1.200 sortzaile baino gehiago izan dira Kursaal biltzar-jauregian
China agentziak Adolfo Domínguezentzat egindako «Sé más viejo» kanpainak eraman du Sormenaren Sari Nazionalen XX. edizioko Sari Nagusia. Sari horiek martxoaren 30ean, larunbata, banatu ziren Kursaalen, c de c 2019 Espainiako sormenaren lehiaketari amaiera emateko.
Club de Creativos (c de c) elkarteak antolatu du c de c 2019, Facebook-ekin batera, eta martxoaren 28an, 29an eta 30ean egin da Kursaalen, Donostia Turismoa & Convention Bureau-ren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Lehiaketako epaimahaia marketinaren eta komunikazio komertzialaren industriako 24 profesionalek osatu dute (gehienak sortzaileak). Sari Nagusia eraman duen kanpainan, Adolfo Domínguezek egile-modako enpresa dela erreibindikatzen du, eta iraunkortasuna eta estiloa defendatzen, fast fashion deiturikoaren gainetik.
Sari Nagusiaz gain, epaimahaiak urrezko 11 sari, zilarrezko 25 eta brontzezko 37 eman ditu guztira.
Halaber, 247 pieza hautatu dira c de c elkarteak udazkenean argitaratuko duen XX Anuario de la Creatividad urtekarian agertzeko.
Gala
Irabazle gertatutako piezak Kursaaleko auditorioan Publizitateko Sormenaren Sari Nazionalak banatzeko egin zen galan ezagutarazi ziren, David Broncano komiko eta aurkezlearen eskutik. 2019ko Ohorezko c de c saria ere eman zen, eta, aurten, Toni Segarrarentzat izan da, azken hamarkadetako sortzaile bikainenetako bat eta Espainiako publizitate-kulturaren eta gizartearen iruditeria kolektiboaren parte bihurtu diren kanpaina ugariren arduraduna; besteak beste, hauena: «Me gusta conducir» (BMW), «Redecora tu vida» (Ikea) eta «A qué huelen las nubes» (Evax).
Era berean, Talentu Gazteari dagokion Juan Mariano Mancebo Sariaren irabazleak ere ezagutarazi ziren galan; aurten, Elenita Hernándezi eta Rodrigo D. Batistari eman zaie.