Gaurkotasuna / 18 otsaila, 2019
Donostian egingo da aurtengo OPC Spain Biltzarra, urtero egin ohi dena, otsailaren 21ean eta 22an. Kursaal Jauregian izango da hitzordua, eta biltzar- eta ekitaldi-sektoreko enpresa nagusietako 300 bat profesional dira elkartzekoak.
OPCE - Euskadiko Biltzar eta Ekitaldi Antolatzaile Profesionalen Enpresa Elkarteak eta Espainiako Biltzar Antolatzaile Profesionalen Enpresa Federazioak antolatzen dute topaketa, eta erakunde publiko nagusien laguntza jasoko du. Han izango dira Donostiako udaleko lehen alkateorde eta Ekonomia Bultzatzeko, Enpleguko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gasco; Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Maite Cruzado; eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren barruan dagoen Basquetour turismo-agentziako zuzendari Harkaitz Millán.
Onofre Vicente, OPCE euskal elkartearen presidentea, ere izan da Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan, eta adierazi du aukera bikaina dela Biltzarra MICE deritzon sektoreko eragileen artean ezagutza trukatzeko eta harremanak estutzeko.
“Esperientzia, konpromisoa eta teknologia XXI. mendeko ekitaldietarako" du goiburua Biltzarrak, eta hau izango du aztergai nagusia: nola lagundu biltzar- eta ekitaldi-antolatzaile diren enpresa profesionalei berrikuntzarako bidea hartzen, ekitaldiei eta haiek egiten diren lurraldeei balio-ekarpena egin diezaioten.
Etorkizun oparoa du biltzar- eta ekitaldi-turismoak (ingelesez, MICE —Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions—), eta geroz eta garrantzi handiagoa du. Nazioarteko Biltzar eta Konbentzioen Elkartearen arabera (ICCA), nazioarteko biltzarren antolatzaileen zerrendan laugarren postuan dago Espainia, AEB, Alemania eta Erresuma Batuaren atzetik.
Eta Euskadin ere nabari da goranzko joera hori, Eusko Jaurlaritzaren Ibiltur MICE 2016-2017 azterketaren arabera. Beste zenbait daturen artean, hau ageri zaigu azterketa horretan: Euskadik jasotzen duen turismo osoaren % 17 MICE sektoretik dator. Bestalde, nabarmen ari da hazten Euskadin egiten diren biltzarretara datozenen gastuak: 2014an, 56 milioi euro; 2017an, 87 milioi. Hona beste datu aipagarri bat ere: MICE turista bakoitzeko batez besteko gastua 133 euro da, eguneko; aisialdiko turista bakoitzarena, berriz, 104 euro.
Beraz, erakusleiho aparta da Kursaaleko topaketa Euskadirentzat ez ezik Donostiarentzat ere, kalitateko zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen baitizkie hiri horrek biltzar- eta ekitaldi-antolatzaileei. Horregatik, MICE turismoaren topaleku gogokoenetakoa da Donostia. Bestalde, lehenbiziko aldia da urteroko OPC Spain biltzarra Euskal Herrian egiten dena.
Gai biziki interesgarriak jorratuko dira ekitaldian; besteak beste, OPC enpresen eta haien zerbitzuen berrikuntza, ekitaldietan aplikatu beharreko aurrerapen teknologiko berriak, ekitaldien jasangarritasuna areagotzeko bideak, ekitaldietan eta lurraldean egindako inbertsioaren itzulkinek duten garrantzia, ekitaldietara joaten direnen egonaldia hobetzeko moduak eta gastronomiaren bidezko berrikuntza.
Horrez gain, Biltzarraren aurretik online egin den galdeketa kolektibo baten emaitzak ere aurkeztuko dira. Galdera honi erantzun diote sektoreko profesionalek: Zein dira, zure ustez, gure sektoreak hurrengo bost urteotan izango dituen erronka nagusiak? Adimen Artifizial Kolektiboaren bidez jaso dira galdeketaren emaitzak. Hain zuzen ere, Biltzarrean sakon aztertuko da adimen-mota hori.
Hizlariak, berriz, hauek izango dira: Pilar Jericó, aitzindaria talentuaren azterketan, bai eta beldurrak erakunde eta pertsonengan duen eraginarenean ere; Miryam Artola, Muxote Potolo Bateko zuzendari nagusia; Víctor Viñuales, ekonomia berdean aditua eta ECODESen zuzendaria; Franklin Galarraga, Orquidea Technology Groupeko zuzendari nagusia; Rosa Morel, aditua komunikazio digitalean, neurosalmentan eta copywriting emozionalean; Manu Narváez, San Sebastián Turismo & Convention Bureauren zuzendaria; Kepa Olabarrieta, Bilbao Convention Bureauren zuzendaria; José María González del Álamo, Innovation Wars SLren zuzendari nagusia, eta María Fernández, Gasteizko Udalaren Enpresentzako Zerbitzuko teknikaria.
Hitzaldiez gain, bestelako ekitaldirik ere izango da; besteak beste, bisitaldiak Miramoneko Teknologia Parkera (hilaren 22an, ostirala), eta Getariara eta Oriora (hilaren 23an, larunbata). Katxiña txakolindegian “geldialdi" bat egitekoak dira bigarren bisitaldi horretan.
EUSKAL HERRIKO OPCE ELKARTEA
Euskadiko Biltzar eta Ekitaldi Antolatzaile Profesionalen Enpresa Elkartea (OPCE) ekitaldiak eta biltzarrak antolatzen diharduten zenbait enpresa espezialistaren bat-egitetik sortu zen. Profesionaltasunaren eta esperientziaren bermea zuten enpresa guztiek. OPCE Euskadik gogotik egiten du lan Euskal Herrian MICE arloa sustatzeko (Bilerak, Pizgarriak, Konferentziak eta Erakusketak), leku ezin hobea delakoan baitago ekitaldiak, biltzarrak, bilerak, konbentzioak eta azokak egiteko. Besteak beste, enpresa hauek dira elkarteko partaide: Ercisa, Eventia, Eventi3, Fideliza-Grupo Xabide, JotaMas, Lankor, Sergofi eta Tisa.
ESPAINIAKO OPC ELKARTEA
1987an sortu zen OPC España; Federazioa, berriz, 1992an. OPC enpresen 11 autonomia-erkidego hauetako elkarteek osatzen dute: Andaluzia, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Errioxa, Madril eta Erdigunea, Murtzia eta Kantabria. Lau autonomia-erkidegok ordezkaritzak dituzte elkartean: Asturias, Gaztela eta León, Extremadura eta Nafarroa. Eskubide osoko ehun enpresatik gora ditu elkarteak, eta 200 bat enpresa laguntzaile.
OPC enpresen Europako federazio bakarra den OFAPCOko kide da OPC España. Bilera eta biltzarren industriako 1.514 profesional eta 14 herrialde dira federazioko partaide. COCALen kide ere bada OPC España, eta ICTEren bileretan esku hartzen du.